Helburuak
- Jendea migratzera behartzen duen arrazoiak identifikatzea, bizitzako historietatik abiatuta.
- Migrazioek pertsonen bizitzan eta haien ingurunean izan ditzaketen ondorioei buruzko hausnarketa egitea.
- Hurbileko migrazio-esperientzien inguruko ikerketa egitea, hortik abiatuta migrazio-prozesuan bizi izandako egoera eta emozioekin enpatia izateko; haiek estrapolatzea eta ondorioak ateratzea.
- Modu kritikoan aztertzea migrazioekin loturiko topiko eta beldurrak eraikitzean komunikabideek eta haiek irudiak erabiltzeko moduak duten eragina.
- Desberdintasun-egoeren inguruko ikuspegi kritikoa sustatzea, eta gizatasunezko eta ardurazko balioak eta jarrerak indartzea.
Edukiak
- Migrazioen arrazoiak eta ondorioak.
- Bizitza duina izateko, joan-etorri askerako eta bizilekua aukeratzeko eskubidea. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala.
- Komunikabideen eta irudien erabileraren eragina.
- Topikoak eta beldurrak, migrazioen gaiari lotuta.
- Heziketa emozionala eta beste pertsona batzuek bizi izan dituzten egoerekin enpatia izateko gaitasuna.
- Pentsamendu kritikoa eta gogoetatsua eta gizarte-justiziarekiko interesa.
- Lankidetza, parte-hartzea eta talde-lana.
- Iritzi- eta ikuspegi-aniztasuna errespetatzea eta adostasuna izatea taldeko erabakiak hartzerakoan.
|
|
Jardueraren deskribapen
Cesar Cesarino fotokazetari geldiezina da, eta zaletasun handi bat du: mundu osoko argazkien bilduma egitea. Ez dira lekuen argazkiak, ezta gauzenak ere. Ez dira mendien, hodeien eta abarren argazkiak, pertsonenak baizik. Hainbeste ditu, ezen etxea txiki geratu baitzaio.
Lan egiten duen egunkarian migrazioei buruzko erreportaje bat egiteko eskatu diote, eta Munduak lotzen programako parte-hartzaileei laguntza eskatu die. Haiek irudiak jarri beharko dizkiete Cesarrek bildu dituen lekukotasunei, eta beste lekukotasunen batekin txostena osatu beharko dute: talde-ikasgela osotik familiakoren bat edo hurbileko pertsonaren bat aurkitu beharko dute, bere bizitzako historia taldeko elkarrizketa batean aurkeztu nahi izango duen norbait. |