Helburuak
- Migrazio-prozesuen arrazoiei eta ondorioei buruzko hausnarketa egitea, ikasleek gai horri buruz dituzten ideia eta topikoetatik abiatuta.
- Pertsonek migratzeko duten eskubideari buruzko hausnarketa egitea.
- Hurbileko migrazio-esperientzien inguruko ikerketa egitea, hortik abiatuta migrazio-prozesuan bizi izandako egoera eta emozioekin enpatia izateko; haiek estrapolatzea eta ondorioak ateratzea.
- Desberdintasun-egoeren inguruko ikuspegi kritikoa sustatzea, eta gizatasunezko eta ardurazko balioak eta jarrerak indartzea.
- Sormenaren, jolasaren eta ikaskuntzaren esperientzia partekatzea, adostea eta eraikitzea beste ikaskideekin batera.
Edukiak
- Migrazioen arrazoiak eta ondorioak.
- Herrialdeak maila desberdinean garatuta egotea eta horrek pertsona guztiek bizi-baldintza hobeen bila migratzeko duten eskubidearekin duen zerikusia.
- Jakin-nahia, ikerketa, sormena eta hitzezko komunikazioa.
- Topikoak eta beldurrak, migrazioen gaiari lotuta.
- Heziketa emozionala eta beste pertsona batzuek bizi izan dituzten egoerekin enpatia izateko gaitasuna.
- Pentsamendu kritikoa eta gogoetatsua eta gizarte-justiziarekiko interesa.
- Erabakiak taldean hartzea, demokrazia eta parte-hartzea.
- Soluzioak proposatzea eta banaka nahiz taldean konpromisoak hartzea.
|
|
Jardueraren deskribapena
MIMEk, Migratzaileen Munduko Erakundeak, ikerketa-lan bat egiteko eskatu dio Lilith Cuménicari. Lan horretan mundu osoko pertsona migratzaileak elkarrizketatu ditu Lilithek.
Baina ikertzaileen datu-basean informatika-birus bat sartu da: 7 hizkuntza nahastu ditu, eta ikerketaren zati batzuk ezabatu.
Oso garrantzitsua da ikertzaileen talde bat osatzea, Lilithen lanean dauden kalteturiko zatiak berreskuratzeko: behin kodetu ondoren, informazioa zuzena dela egiaztatu, beste elkarrizketa batzuen bidez osatu, txostenaren ondorioak idatzi eta banaka nahiz taldean proposamenak eta konpromisoak hartu. |